Didaktika integratzailearen ekarpenak
Euskal Herriko ikastetxeetan, orain arte, ama hizkuntzatzat euskara, frantsesa edo gaztelania duten haurrak izan ditugu batik bat. Azken hamarkadetan, euskal irakasleek lan izugarria egin dute ikasle horiek euskalduntzen.
Gaur egun, aldiz, ama hizkuntzatzat gaztelania edo frantsesa ez beste hizkuntza bat edo batzuk dituzten haur erdaldunekin topo egiten ari gara. Irakasleek ez dituzte ezagutzen hizkuntza horiek; eta, jatorri, kultura nahiz erlijio askotarikoak izateaz gain, besteak beste, egoera sozioekonomiko kaxkar bateko eta immigrazio mugikor bateko partaide dira; hau da, ez dira lurralde edo komunitate batean urte luzeetarako geratzen, leku batetik bestera dabiltza. Arrazoi horiek bide, ikasle erdaldun horien euskalduntzeak (bai linguistikoki, bai kulturalki) hainbat sektoreren edota profesionalen elkarlana eskatzen du.
Orain arte, haur erdaldunei euskara irakasteko orduan, bereziki, irakasleen eta hizkuntzalarien lana nabarmendu da. Gizarte laguntzaileen, psikopedagogoen eta horrelakoen laguntza ere hor zegoen, baina eskolaz kanpoko zerbitzuak ziren.
Datuek adierazten dutenez (Eusko Jaurlaritza, 2002), azken urteotan EAEn ikasle etorkinen matrikulazio tasa bikoiztu egin da. 1995-1996 ikasturtean 1.942 ikasle etorkin zeuden, 2001-2002 ikasturtean, aldiz, 5.415 zeuden. Bestalde, horien matrikulazio tasa azken urteetan % 40 ari da urtero igotzen, eta gaur egun, EAEko ikasle guztien % 1,8 dira1.
EAEko ikasle etorkinen ia erdiak iberoamerikarrak dira (Eusko Jaurlaritza, 2002). Gure ikastetxeetara heltzen direnean aurkituko luketen jauzi bakarra hizkuntzarena balitz, hauen etorrerak ez liguke kezka handirik sortuko, EAEn hainbat urte baikabiltza gaztelania ama hizkuntzatzat duten haurrak euskalduntzen. Baina Victoria Mendozak (Mendoza, Victoria, 2002), kultura anitzetako ADISKIDETUAK elkarteko lehendakariak, behin eta berriro dioen legez, Iberoamerikatik datozen haurrek gehienetan aurkitzen duten jauzirik handiena kultura arlokoa da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario