INTEGRAZIOA BULTZATZEKO JARDUERAK
Ikasle etorkinaren harrera ez da lehen egunetara bakarrik mugatu behar. Izan ere, ikasle berriaren girotze-prozesuak eskolan dauka lehen eremua, eskolan egiten baitira lagunak. Horregatik, integrazioa helburutzat hartu behar dugu gelan; planifikatu, jarduerak prestatu eta era sistematikoan landu.
Ondoren integrazioa bultzatzeko jolas batzuk proposatuko ditut. Gela osoarekin egiteko dira, eta ez da beharrezkoa hizkuntza jakitea, ondo uler baitaitezke keinuen eta gorputz-mugimenduaren bidez.
1.JOLASA: Itsuaurrekoa
- Helburuak:
Taldeko partaideen artean konfiantza sorraraztea, elkarri lagun diezaioten.
- Partaideak:
Gelako ikasleak eta tutorea.
- Materiala:
Zapi handiak, begiak estaltzeko.
- Jarduerak:
Begiak estalita dituen laguna gidatu.
- Garapena:
Ezinbestekoa da isiltasuna egotea.
Argi utzi behar da jolasaren helburua ez dela itsututa dagoen pertsonari oztopoak jartzea.
Ibilbidean zehar “itsua” zenbait egoeratan jarriko dugu: zaratak bereizten, objektuak antzematen...
Zer sentitzen duten da garrantzitsua, eta horretan jarri beharko dute arreta.
Talde erdiak itsuarena egingo du. Partaide guztiak bikoteka jarriko dira: bat itsua izango da, eta bestea, gidaria. Gidariek itsuak aukeratuko dituzte, baina hauek ez dute jakingo nork gidatzen dituen.
Denboratxo batean (10 min) horrela ibili ondoren, rol-aldaketa egingo da.
Bukatzeko, sentitutakoari buruz hitz egingo da talde handian